XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bidegabekeriari aurre egiteko beharra

Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko esatari eta zuzendariak seriotasuna eskatzen die batzorde parlamentarioan parte hartu behar duten politikariei.

Gaia ahal den inpartzialitasun eta seriotasun handienarekin har dezaten nahiko genuke, ahalik eta zehatzen ikus dezaten zer den txosten horretan dagoena. Baina alderdiek ikerketa-batzorde hau euren mesederako ez ote duten erabiliko beldur da Bujanda.

Inork ez dezala batzorde hau hauteskunde-planteamenduetarako erabili, baina aldi berean, inork ere ez dezala erabili elektoralismoaren funtsik gabeko akusazioa batzorde honek egin behar duen lana gutxiesteko, zehaztu du.

Hala ere, Bujanda ziur da batzordeak ikusiko duela erabaki-sail bat hartu zela Euskalerria Irratiaren kontra.

Txostena ezagutzen duen edonork badaki lehiaketa hori Euskalerria Irratiak irabazi zuela eta zuzengabekeria batengatik ukatu zitzaiola emititzeko baimena

Patxi Zabaleta, Ezker Abertzalea taldeko parlamentariaren iritziz, irrati lizentzien afera korrupzioaren jokabide-eredu larria da.

Zabaletak gogorarazi du berriro ere Gobernuak ez diola jaramonik egin Parlamentuak erabakitakoari, prozedura administratiboa geldirik izatea eskatu baitzion eta UPNren gobernuak ez du agindua bete.

Auzitegietan da

Parlamentario abertzaleak dio ikerketa batzordetik atera ahal dela erabaki bat Gobernuaren ekintza bertan behera uzteko, baina afera bikoiztu egin dela ohartarazi du Patxi Zabaletak, alde batetik, batzorde parlamentarioaren lana dagoelako eta bestetik auzitegietan egiten ari diren ikerketa.

EAkoek eszeptizimoz ikusten dute ikerketa-batzordea.

Ez dugu gauzak argitzeko gogorik ikusten, dio Begoña Erraztik.

Gobernuaren erabakiari buelta eman behar zaiola uste du parlamentari honek eta PSNren jokabide bitxiarekin kezkatuta dagoela adierazi digu azkenik.